2017(e)ko irailaren 9(a), larunbata

Idazlearen kuttunenak Aizu! aldizkarian


2017ko iraila-urriko alea

Ernesto Prat Urzainki

Erronka zaila da hiru liburu (soilik) aukeratu behar izatea, baina tira. Edorta Jimenezen Stock 13 (Txalaparta, 2009) burufikzio erotikoa kontakizun ausarta da, musikaz eta metaliteraturaz eraikia, pasarte intimoz eta pornografikoz betea. Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) saiakera laburra biziki argigarria da, genero beltzaren protagonistak, ideologia eta asmo ilunak aztertzen dituena. Javier de Isusiren Asylum (Astiberri, 2017) komiki solidarioa zoragarria bezain sakona da, borobila, kontzientziak inarrosteko modukoa. Erbesteari, asiloari eta migrazioari buruzko hausnarketak biñetetara ekarriz errefuxiatuen errealitatea uzten du agerian arras era pedagogikoan. Gidoiak maisutasunez lotzen ditu historiaren, istorioen eta denboraren erritmoak akuarelen kolore eta kromatismoen laguntzaz.




2017(e)ko ekainaren 8(a), osteguna

ZOZKETA! Lortu osaba Luzioren kamisetak



"Osaba Luzio eta Mirta Belzebenea baserriko baratzean imajinatu zituen, Kubako musika entzuten. Burrokraziaren aitzinean astolakuntza! aldarrikatuko zuen osabaren kamisetak.”


Telleria eta gero, zer? nobelak inposible bat lortu du: aste berean fikziozko liburu salduenen zerrendan (5. postuan) eta ez-fikziozko liburu salduenen zerrendan (1. postuan) egon da. Hori marka!
Beraz, fikzioa ote da Telleria eta gero, zer? Edo errealitatea?

Balentria ospatzeko etxea leihotik botako dugu (erdarakada ere opari!).

ZOZKETA bat antolatu dugu!!!

Nola parte hartu? Komentatu blog honetan edo feixbuken (arnoa esklabuendako izena etiketatuz) Telleria eta gero, zer? liburuko zein pertsonaia gustatu-harritu-erakarri-gorrotoeragin zaizun-zaituen-dizun gehien eta zergatik.

Saria: komentarioekin parte hartzen dutenen artean osaba Luzioren kamisetak zozketatuko ditugu.

Ez itxaron pelikula eta ez galdu denbora!
Irakurri liburua eta parte hartu gure zozketan!




"Telleria eta gero, zer?" nobelaren oihartzuna


***





2017(e)ko maiatzaren 8(a), astelehena

Telleria eta gero, zer?


Sarako gaztetxean egindako kontzertu batetik bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrol batekin topo egin ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat deskubrituko ditu Lurrak, obra-hondakinen artean. Misterio hori, gainera, nahastu eginen da Baztanen, herritarren nahiaren kontra, egin nahi duten plan urbanistiko erraldoi batekin.
Musikaren erritmoan eta kamiseta erreibindikatiboen konpainian, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak, psikiatrikoko gaixoak, rock kontzertuak, besta eta parranda, eta, batez ere, protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.

2017(e)ko apirilaren 28(a), ostirala

Aroztegiako komantxeak


Duela urte bat, “Aroztegia eta gero, zer?” plataformak deitu zuen manifestazioaren harira, parodia txiki bat egin genuen. Ongi pasatzeaz gain, plataformaren deialdia hedatu genuen lau haizetara, izan ere, milaka ikustaldi izan zituen bideoak egun guti batzuetan.
Orain, gerra danborrak gero eta ozenago aditzen direla, Aroztegiako komantxeen testua ekarri nahi izan dut gogora.
Borrokak ez du etenik, Aroztegia gelditu!

2017(e)ko martxoaren 20(a), astelehena

HOTZAK, epilogoa


EPILOGOA

Behin, Kepa Arizmendiren erakusketa ikusten, flipatu egin nuen apur bat koadro batekin. Sukalde bateko mahai bat ageri zen, eta mahaiaren gainean sardina lata bat zegoen, bertzerik gabe. Hori zen dena, hori zen guztia. Pues vaya… pentsatu nuen, eta momentuan ez nintzen margo horrek adierazten zuen gordintasun guztia ulertzeko gai izan.

2017(e)ko martxoaren 11(a), larunbata

HOTZAK, hilabete batzuk geroago (XXVII)


XXVII

Gertatutako guztia ezin sinetsiz zaude. Gehiegi da. Gustura zeunden, sobera buruhausterik gabe. Egunero sabela betetzea zen akaso zure kezka, kezkaren bat edukitzekotan. Inori enbarazu egin gabe, xume, horretan ari zinen, gustura. Bat-batean, alimaleko eskua amildu zen zure gainera, eta atzamar erraldoia zure bila hasi zen. Birritan pentsatu gabe, ihesean atera zinen. Mundua galtzerdi zikin handi bat da, eta zu galtzerdi horretan bizi den kukuso bat zara. Kukuso bat baino ez.

2017(e)ko martxoaren 4(a), larunbata

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXVI)


XXVI

-Hi Haibol, besarkatu behar haut, ados? -erran zidan Eiderrek.
-Ados -erantzun nion.
Egia errateko, alimaleko hotza egiten zuen, eta haizea ufaka ari zen eten gabe. Bikotea (edo anai-arrebak zehazkiago) bagina bezala besarkaturik ahalegindu ginen lo hartzen Eider eta biok.

2016(e)ko ekainaren 23(a), osteguna

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXV)


XXV

Bi orduko gau motza izan zen, baina nolako orduak! Haizeak sekulako burrunba sortzen zuen, eta gainera, tai gabe kolpatzen zituen kanpin-dendaren paretak. Ikaratzeko moduko hotza egiten zuen.
Hala ere, nekea handiagoa zen, eta lo hartu nuen.
Bat-batean, kanpin-dendaren kremailera ireki zuen Flamarique sarjentuak eta, pistola eskuetan, Karlos, Karmelo eta Eider esnatu zituen.

2016(e)ko ekainaren 19(a), igandea

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (epilogoa III)


Irria telediarioan

Berriro ere zirkuko hartz tronpetajolearen modura paseatu ninduten. Gintuzten. Poliziek euskaldunok. Polizia batek grabatzen zuen kamerarekin eta hiruk edo lauk  antolatzen zuten desfilea. Madrilgo aireportu batean zen ikuskizuna, Polizia Nazionalaren eskutik.

2016(e)ko ekainaren 18(a), larunbata

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXIV)


XXIV

-Puzkerra bota behar dinat, e?
-Zer?
-Puzkerra bota behar dinadala.
-Hi Haibol, ez izan zerria! Andereño batekin lo egiten eta puzkerra bota behar duk?
-Bai, proban. Bat botako dinat probatzeko, eta usainik badu, ez dinat gehiagorik botako, ados?
-Ze proba eta ze probaondo, ez bota puzkerrik, ez izan zerria, Haibol.
-Ados… hau emakumea!

2016(e)ko otsailaren 1(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (epilogoa II)


Begi bistan

Kanpotik handiagoa ematen zuen baina zortzi edo hamar eserlekuko abioneta baino ez zen Poliziarena, txikia. Aberatsek beren hangarretan antzekoak izanen zituztela imajinatu nuen, handik eta hemendik garbeoak emateko alderrai. Ate apaletik sartuta bi motatako izakiak ikusi nituen: eskuburdinak paratuta zituztenak eta eskuburdinak paratzen zituztenak. Polis y cacos, alegia. Ni, eskuak bizkarrean lotuta, cacoa nintzen, abionetako hirugarrena hain zuzen. Polisak lau edo bortz ziren naski.

2016(e)ko urtarrilaren 31(a), igandea

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXIII)


 
XXIII

Haizeak bortizki jotzen zuen, eta kanpin-dendak beheiti etorri behar zuela zirudien. Errugbi taldeko kide guztiak kanpotik ostikoka ari zirela ematen zuen. Martxa horretan kanpin-dendak ez zuen anitz iraunen. Haibol eta Eiderren lo-zakura hurbildu eta nire lo-zakuaren buruko zilotik eskua aterata kolpe batzuk eman nizkien.

-Jaiki beharko genuke, honek guztiak pikutara joan behar du luze gabe.

2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

HOTZAK, seigarren eguna (XXII)


 
XXII 

-Mugikorra piztua duk Haibol -erran nion Karlosi umoretsu gure lo-zaku hibridoaren barruan mugitu eta bere goizeko erekzioa nabaritu nuelarik. Keinu lotsatu batez erantzun zidan.

-Nik prestatuko dinat gosaria -proposatu zuen gaia aldatu nahian-. Te gozoa prestatuko dizuet.

-Tea? -erran nion isekari- Ur zikin eta funsgabe hori?

2016(e)ko urtarrilaren 25(a), astelehena

HOTZAK, seigarren eguna (XXI)


XXI 

Muturreko hotza egin arren, energiaz gainezka ikusten nuen nire burua. Bortz eguneko haize eta elur-ekaitzak pasatu eta gero, izugarrizko moral txutea izan zen zeru oskarbi hura ikustea. Eguzkiak bere energia guztia eman zidan, eta soka-buru paratu nintzen, deus erran gabe. Nire hiru soka-kideak herrestan eramateko adina indar sumatzen nuen nire baitan. Gogoz ekin nion eskaladari.

2015(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

HOTZAK, seigarren eguna (XX)


 
XX

Iratzarri berriak, lo-zaku hibrido hartatik ateratzeko maniobrekin hasi ginen. Holako batean, nahi gabe, Eiderrek zera ukitu ninduen, noiz eta goizero bezala, naturak nire txoritxoa gogortua zuela. Harritzekoa ala ez, bera baino moztuagoa gelditu nintzen ni, ahalketua. Eiderrek ateraldi xelebre batez kendu zion garrantzia gertatutakoari.

Gainerakoan, ederki joan zen elkarrekin lo egin genuen gau hura, bortz izarretako hotel batean bezala. Bueno, kasik.

2015(e)ko urriaren 11(a), igandea

HOTZAK, seigarren eguna (XIX)


 
Karlos putakumea, Karlos putakumea, Karlos putakumea… ez nuen beste argudiorik buruan izan gau guztian. Behin eta berriz errepikatzen nuen nire baitan: Karlos putakumea, Karlos putakumea, Karlos putakumea

2015(e)ko urriaren 10(a), larunbata

HOTZAK, bortzgarren eguna (XVIII)




XVIII

Karmelok erraten zuenaren arabera, gutitan errepikatua zen neguan Pic de Mallacaneko Shackletonen Bidea. Elur mordoa pilatzen zen izotzaren gainean, eta horrek dezente zailtzen zuen eskalada. Dezente eta asko, Jonek erranen lukeen bezala.

Vendetta musika taldeak jotzen zuen Zubi Puntan, jendez lepo zegoen ostatua, eta garagardo pare bat eskatu eta gero, zera erran nion Joni, zerbait komentatzeagatik:

-Jende dezente etorri duk, e?

-Bai, decente eta asko -erantzun zidan.

2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

Polizia erreala fikzioan



 
Ez ditut Alatriste kapitainaren abenturak irakurri, eta ez dut uste eginen dudanik. Afera da 2012an Pirinioen alde batetik bertzerako abioneta hegaldia egokitu zitzaidala Interpoli esker eta aipatutako kapitainaren liburuetako bat ari zen irakurtzen nire parean zihoan polizia (ez dakit zergatik baina, ordura arte, Urtubiaren edo Gimenez Arberen liburuak irakurtzen irudikatzen nituen Interpoleko kideak). Bada, ulertuko denez, ezinikusia hartu nion Alatriste gaizoari.

2015(e)ko ekainaren 30(a), asteartea

HOTZAK, bortzgarren eguna (XVII)


 
XVII

Bortzgarren eguna motza izan zen, horrela eskatu baitzuen Pirinioetako orografiak. Joxe Antonio Etxebarrietak erran omen zuen behin euskaldunok Europako kurduak garela, industria eta banka kapitalistaren zama handiarekin, baina kurduen mendien laguntzarik gabe.

Ez nengoen ados. Bueno, erdizka.

2015(e)ko ekainaren 15(a), astelehena

HOTZAK, bortzgarren eguna (XVI)


 
XVI

Ez nion buelta gehiagorik emanen, erabakita zegoen: egun horretan bertan berarekin lo egiteko eskatuko nion Karlosi. Ez zegoen hotz hura jasaterik. Aitzineko gauean eskatzekotan egon nintzen, baina Kubako eztabaida ergelagatik ez nion proposatu azkenean. Kubakoak koadrilan izan genuen bertze eztabaida pito bat gogoratu zidan.

2015(e)ko ekainaren 10(a), asteazkena

HOTZAK, laugarren eguna (XV)


 
XV

Karlosek esan bezala, infernu hotza zen hura, ezin hobeki laburbildu Mer de Rêves haranean egun haietan bizi genuena. Jada ez zen arropa gehiago edo gutxiago jartzea, afera ez zen hori, afera zen han elurra bera zegoela hotzak. Ezin nuen imajinatzen ahal zer-nolako sarirekin konpentsatuko ninduen Ama Benemeritak hortik bizirik ateratzea lortzen banuen, baina hartutako arriskuak hurrengo hogei urteetan Cadizeko aste santuko prozesioetara joateko baimena eskatzeko eskubide guztia ematen zidan behinik behin.

2015(e)ko ekainaren 2(a), asteartea

HOTZAK, laugarren eguna (XIV)




XIV

Nire txanda zen. Karmelo soka-buru joana zen goizetik, izotzezko paretan erori zen artio. Gero, bere gaitasunaren erakustaldi ikaragarria emana zuen Eiderrek, Milentas de Bozes maisuki gaindituz. Orain, beraz, nire txanda zen. Nik ere kosk egin nahi nion Shackletonen Bideari.

2015(e)ko maiatzaren 28(a), osteguna

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (epilogoa I)




Azken guda dantza

Promenade ordua zen eta nik, mandoak bezala, bueltaka ibiltzeari ekin nion. Patioa ixten zuen hesiaren kontra bermatu ziren hiru preso eta rapeatzen hasi ziren. Frantsesez ari ziren, espetxeko edo kaleko frantsesez, ez telebistako albistegiko gabatxo pedantez. Beren ondoan pasatzen nintzen aldiro zozoturik gelditzen nintzen aldarri ozen haiek adituz. Bertsolarien antzera, elkarri erantzuten zioten, itxuraz, erabateko inprobisazioan. Liluraturik eta disimuluz, beren saioa aditzera gelditu nintzen inguruetan. Une batez, hip hopari esker, aske sentitu nintzen, ez espetxean baizik eta hiri handi bateko auzo txiro batean.

2015(e)ko maiatzaren 27(a), asteazkena

HOTZAK, laugarren eguna (XIII)


 
XIII 

Ez antzara luma, ez eta ostiarik ere! erran nuen nire baitan, hau hotza! Hiru aldiz jaiki nintzen gauean arropa gehiago janzteko. Neukan arropa guztia jantzi eta gero, hutsik gelditu zen motxila. Motxila beraren barruan ere sartzekotan egon nintzen lo-zakura itzuli baino lehen, matrioska panpina errusiarren antzera.

2015(e)ko maiatzaren 19(a), asteartea

HOTZAK, laugarren eguna (XII)




XII 

-Haika mutil, jeiki hadi, argia den mira hadi -kantatu zidan Eiderrek goizean.

-Bai nausia, argia da, gure oilarra kanpoan da -arrapostu nion nik.

Argia bazen, baita hotza ere. Alimalekoa. Gauean ez-dakit-zenbat gradu beheiti egin zuen tenperaturak eta, Haibol izan ezik, arropa gehiago paratzeko jaiki ginen gainontzeko guztiok gaueko momenturen batean. Jada ez nuen arropa gehiagorik, bertan neukan guztia jantzita neraman, eta nik bezala, Eiderrek eta Jonek.

2015(e)ko maiatzaren 11(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (XI)




XI
Munduko borondate guztiarekin aurkeztu nuen nire burua soka-buru joateko bidea irekitzen. Ez nindoan sobera seguru, baina Karmelori eta Karlosi lan pixka bat kentzeagatik egin nuen. Halere, ez zuen ematen konfiantza handiegirik zutenik niregan eta Eiderrengan, eta bide guztia beraiek ireki zuten, lehenik Karlosek, gero Karmelok.

2015(e)ko maiatzaren 4(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (X)


 
X
Jonek nire ondoan egin zuen lo, nire begien gozamenerako. Grezia klasikoko atleta baten gorputza zeukan, den-dena bere tokian maisuki zizelkatu eta horniturik. Hori monumentua!

Kamisetarekin ez zuen hainbertzerako ematen; baina, kendutakoan, aldizkarietako azaletan ageri diren modeloen pare zeuden beso gihartsuak, bular landuak eta txokolate tableta ageri ziren. Ongi depilaturik gainera! Olentzeroa berriki pasatu izan ez bazen, horrelako bat eskatuko niokeen. Argi eta garbi.