2014(e)ko uztailaren 14(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (I)


Gure jendartea gero eta amerikanoagoa da. Eta nazka ematen du. Mendebaldeko jendarte kapitalista basapiztia bat da eta espetxea bere sabela. Hortaz, sistemarako ezerosoak diren pertsonak irentsi eta bere sabelean atxikitzen ditu basapiztiak, kaka bilakatu nahian.

“Basapiztiaren sabelean” izenburu-ideia Jack Henry Abbott amerikar preso komunistaren espetxe-kronikatik hartua da eta egokia iruditu zait Toulouse-Seysseseko espetxean idatzi nituen testuak biltzeko.

Espetxe hartan euskaldun bakarra izanik, ziegan bakarrik egonik, eta ziegan hogeita bi ordu itxirik, erlojuaren kontrako borroka bilakatu zen idaztea.


 


 
ERLOJUARI ERASO BASAPIZTIAREN SABELEAN
-espetxealdiaren kronika ironikoa-
I
 


KATEAK APURTU

Urruñako Sokorriko ama birjinaren baselizaren inguruetan Berttikekin (gure zakurra) pasaietan, lasai nengoela uste nuen. Herrira itzultzean ostatura sartu nintzen, egunkaria lasai erostera ustez. Etxeko atarira sarturik baina, ezinegon azkar batek hartu ninduen. Alegiazko lasaitasun guziaren tentsioak eraso egin zidan bat-batean nire burua etxeko segurtasunean sumatzean.

Ilunabarrean eri egon nintzen, eta Agurtzanek atera behar izan zuen Berttik.

Goizeko 3ak edo 4ak aldera, tentsio ukiezin batek ebatsi zidan loa. Jaiki, komunera, piza, sukaldera, ura edan, egongelara, leihotik begiratu, deus ez eta inor ez, kanapera, liburu bat…

-Zer duzu, maitia? -galdetu zidan Agurtzanek ohatzean nire hezurren falta sumatu eta jaiki zenean.

-Ez dakit, ezin dut lorik egin, eta tripako mina daukat, eta diarrea, eta…

Bortzak pasa sartu nintzen berriz lotara.

Goizean, elkarrekin gosaldu dugu Agurtzanek eta biok, eta gero lanera joan da bederatziak eman gabe zirela. Nik, nire aldetik, arropa zaharra jantzi, Berttik lotu, eta pasaietara atera naiz.

Ironia gorria. Etxetik zakurra lotuta atera, eta hamar minutu gabe, zakurrek lotuta sartu.

Harat eta hona mugitu naute loturik, eta sentsazioa ez zaidala batere gustatu erran behar dut. Beraz, sentitzen dut orain artioko urte hauengatik guziengatik Berttik, baina zin egiten dizut ez zaitudala sekula gehiago lotuko.


EGITEKE

-Police française!

Kaka zaharra! Eta Berttik-ek kaka egin gabe oraindik. Eta ni arropa zaharrarekin, eta lohiez beterik, eta artilezko zapelarekin, eta eskularruekin. Eta lagun aunitz ikusi gabe, eta bitrozeramika paretan lotu gabe, eta atzoko harrikoa egin gabe. Eta Durangotik ekarritako liburuak irakurri gabe, eta atzoko periodikoa berdin. Eta bigarren istorioaren hondar atala ordenagailuan pikatu gabe, eta prentsatik bildutako artikulu guziak berrirakurri gabe. Eta dutxari “fundamentuzko” estreinaldia eman gabe. Eta “opariak” banatu gabe. Eta Begoñari idatzi gabe, eta Metazirirendako komikia egin gabe, eta artikulua idatzi gabe. Eta “Hiru ilargi laurden” istorioaren hondar bertsioa errepasatu gabe. Eta ordenagailuko ia pelikula guziak ikusi gabe, “Gartxot” bezala. Eta Larun igo gabe, eta Kalbarioaren mendia berdin. Eta frantsesez ikasi gabe, eta hondar “Ekaitza” irakurri gabe. Eta “hango” iñautetara joan gabe. Eta hozkailuan magra oso bat, eta izozkailua langostinoz beterik. Eta Nafarroako ardo hori guzia edan gabe, eta Guiness erosi berriak berdin. Eta herriaren bertze aldea sobera esploratu gabe, eta Sarako paretetan eskalatu gabe. Eta gaztetxea bisitatu gabe, eta “gabe” aunitz gehiago ere seguru…

Beharrik Gernikako puzzle madarikatua bukaturik utzi dudan bederen. Eta hazia landatu dudan…

-Vous avez le droit de


HONDAR BESARKADA

Atxilo hartu nauten tokitik Baionako polizia-etxera joan baino lehen Berttik etxean uztera eraman naute (gaituzte). Ni kotxe batean loturik eta atxiloturik eta Berttik bertze kotxe batean lotu gabe eta aske, bere eskubide guzien jabe.

Etxeko parkingean, txakurren artetik ihes egin eta gainera egin dit salto Berttikek, urduri, hondar besarkada bailitzan. Eskuak bizkarrean loturik, ezin izan diot besarkada itzuli. Beraz, egon trankil Berttik, hondar besarkada eman gabe geratu zaigu eta.

 
LAGUNAK

Etxeko parkinga txakurrez lepo, txakur batek zakurraren izenaz galdetu dit.

-Ez du inporta, ez? -erantzun diot- Orain ez gara lagunak eginen, ezta?

Izan ere, batzuetan txakurrak ez dira gizakiaren lagunik hoberenak.

 
JATEKOA

Etxeko atea ireki, Berttik sartu, eta ea zakurrari jatekorik paratu behar zaion galdetu dit txakur batek.

-Lasai -erantzun du bertze txakurrak-, eguerdian neskalaguna etortzen da, berak paratuko dio.

Niri, eguerdian, ez dit Agurtzanek jatekoa ekarri, baizik eta txakur batek. Ez nintzen gose.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina