2015(e)ko martxoaren 23(a), astelehena

HOTZAK, bigarren eguna (IV)


 
IV 

-Dooonde vaaas Juaniiiiitoo! kantatuko zizun Evaristok -erran nion Joni bastoiekin abiatzen zela ikusi nuelarik-. Gaur ezkerreko mendi-mazela maldatsu hori guztia zeharkatu behar dugu; sartu bastoiak motxilan eta atera pioleta.

Estatistikek diote udan istripu gehiago izaten direla mendian, baina ibiltzen den jende kopuruari erreparatzen badiogu, neguko istripuen portzentajea aise altuagoa da. Istripu gehienak erorketak izaten dira, eta logikoa da hori. Malda elurtu batetik malda harritsu batetik igotzea baino errazagoa den bezala, erortzea ere aise errazagoa da malda elurtuan. Eta harrigarria bada ere, istripu anitz motxila irekitzeko alferkeriagatik izaten dira, hots, igarobide delikatu baina motz edo txiki batera ailegaturik soka ateratzeko edo bastoiak pioleten truke aldatzeko alferkeriagatik. Erran iezaiozu gero bere familiari hil egin da amildegian beheiti erorita, baina oso pasabide motza zen eta ez zuen merezi pioleta ateratzea.

***

Bigarren egun horretan nahikotxo kaskartu zen eguraldia eta tarteka-marteka elurra egiten zuen. Haize harrotua eta fina zebilen eta sentsazio termikoa hotzagoa zen. Egunak aitzinera egin ahala apur bat goiti egin zuen tenperaturak eta, aurreko egunean gertatu bezala, elur-jauziak hasi ziren han-hemenka. Gauean bota zuen elurrarekin zein egunean botatzen zuenarekin egiten zen elur geruza berriak elur-jauzien arriskua handitzen zuen eta Mer de Rêves harana errusiar erruleta erraldoia bihurtu zen. Orduan ulertu nuen zergatik zebilen hain jende guti zonalde horretan neguan. Suerte kontua zen. Naturaren eskuetan geunden, eta bere kapritxoa izan gintezkeen.

Lurrikarek nahiz tsunamiek aski frogaturik utzi dute zer guti eta ahulak garen naturaren indarraren aitzinean. Eta ez soilik arazo estrukturalak eta abar eduki ditzakeen hirugarren munduan; gure zibilizazio handi honetan, ere bai. Lau orratz finez harturik dago Mendebaldeko zibilizazio sendoa, eta Islandiako sumendiak daude hori horrela dela frogatzeko. Eyjafjallajökull sumendia (alajaina izena!) lehertu zelarik eta bere hodei bolkanikoak ia Europa osoa hartu zuelarik, adibidez, alimaleko kaosa sortu zen. Erran zutenaren arabera, ezta irailaren 11n New Yorkeko ekintza islamikoak izan zirelarik ere ez omen zen horren kaos handia sortu. Europako aireko espazio guztia itxi behar izan zuten, milaka hegaldi bertan beheiti utziz eta milioika lagun aireportuetan blokeaturik geldituz. Ez eurotan, ez eta lehenagoko (edo etorkizuneko) pezetatan ere, guk inoiz konprenituko ez ditugun sosa-kopuruko galera ekonomikoak sortu omen ziren. Eta gutako gehienok ez genekien zehatz-mehatz ezta non zegoen Islandia ere. Are gutxiago ditxosozko sumendia.

Lehengoan prentsan irakurri nuen teknologiarekiko menpekotasuna handituz doan heinean ahulagoak bihurtzen garela, eta erabat ados nago baieztapenarekin. Naturaren kontra bizitzen tematu gara, eta horrek ezin du bukaera zoriontsurik izan. Guk geuk, errate baterako, egun hartan, Pic de Mallacanera buruz, elurraren egoera nahiz eguraldia kaskartuz zihoala ikusirik, gibelera egiteko erabakia hartu behar izan genuen beharbada, baina aitzinera jarraitu genuen. Gaztetasunagatik edo haraino joan eta gero buelta egiteak ematen duen nagikeriagatik, noizean behin mendian egiten diren arduragabekeria horietako bat egin genuen.

Orain irri egiten dugu, baina Sierra Nevadako Mulhacenera joan ginen bertze aldi batez oroitzen naiz usu. Autoak hartu eta Iparlara edo Irubelakaskora joanen bagina bezala abiatu ginen. Mulhacenerako bidean, Veleta mendiko mazelan, sekulako elur eta haize-ekaitza harrapatu gintuen, eta nik ez nekien ezta kranpoiak paratzen ere! Gainera, eski-pistaren erdi-erdian geunden eta eskiatzaileak alde guztietatik jausten ziren ziztu bizian. Nerbioak, haizea, materialaren ezagutza falta, eskuak hormatuta… ez dakit nola ostia atera ginen handik, baina atera ginen.

Veletako lepoan zegoen aterpe librera sartu ginen bat-bateko ekaitzetik babesteko, non eta atearen gibelean erdi hautsita zegoen kartel batean gu gindoazen Mulhacen azpiko aterpea urte bat lehenago birrindua zutela irakurri genuen txiripaz. Beharrik ekaitza madarikatu hura, bertzenaz, Mulhaceneko magalera ailegatu eta, aterpearen faltan, Eroskiko kanpai-denda merkeetan igaro behar izanen genukeen gaua. A ze txoriburu koadrila!

Arduragabekeria honen komeriak Joni kontatzen ari nintzela aditu genuen Haibolen oihua.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina