2015(e)ko martxoaren 16(a), astelehena

HOTZAK, lehenengo eguna (III)




III

Pisuan motxila prestatzen ari nintzela eduki nuen zalantza, zalantza koxkorra. Zazpi egun ziren, aste oso bat Frantziako Pirinioetan barna espetxean egondako tipo batekin, mutil-laguna klandestinitatean zeukan neska batekin eta kristoren kankailua zen beste abertzale batekin. Beraz, eraman behar nuen pipa, bai ala ez?

Hartu egin nuen azkenean. Ondorioz, kontu handiz ibili beharko nuen, funda batean sarturik eta beti gainean, ongi disimulatuta. Agerian geratzeko arriskua handia zen eta ia urte bateko lana bidaltzen ahal nuen pikutara kasualitate huts batengatik, baina ezin nuen garbi joan. Ia seguru nengoen mendiko asteburu “inuzente” horietako batean Aitor agertuko zela, hau da, neska-laguna eta herriko lagunak bisitatzeko aprobetxatuko zuela. Edo beraiek aprobetxatuko zutela Aitor ikusteko, eta orduan aprobetxatuko nuen nik atzaparra Aitorren gainean jartzeko. Ezin nintzen arriskatu, egoera hartara ezin nintzen pistolarik gabe joan.

Egoera horretara ailegatuta, ez nekien nola erreakzionatuko zuen Eiderrek. Suposatzen nuen blokeaturik geldituko zela hasiera batean, ahoa bete hortz, traizioa ulertzen saiatuz, eta gero, egoeraz jabetuta, gorrotoa agertuko zela bere begi polit horietan.

Hor egon zitekeen beste arazoetako bat, zinez politak iruditzen zitzaizkidala bere begiak. Eta bere ahoa, eta sudurra, eta aurpegia, ilea, ipurdia… Bere osotasun guztian zen polita Eider. Onartzen dut, behar profesionalak aspalditik egina zien lekua behar sentimentalei. Ez nekien nola jokatuko zuen berak nire traizioa heltzean… eta nik, nola jokatuko nuen? Nola hartuko nuen Eiderren begien gorrotoa?

Hasieran kostatu egin zitzaidan begietara zuzenean begiratzea. Konfiantza falta zen. Bere etxera agertu ginenean Aitorren bila, ez zuen nire ahotsa entzun, begiak ordea, arretaz behatu zizkidan buru-estalkiak uzten zuen zirrikitutik. Eta esan daiteke momentu horretan bertan gelditu nintzela bere liraintasunaz liluraturik. Etxearen miaketak iraun zuen hiru orduetan nik ez nuen ahorik ireki nire lankideak etengabeko eleketan aritu ziren bizkitartean, hori deigarria egin zitzaion agian, eta nire begiei arreta handiagoa eskaini zien.

Poliki-poliki, ez zuela deus susmatzen ikusi ahala, konfiantza hartuz joan nintzen, erabateko ziurtasuna eduki arte. Gero ez nintzen mozten, eta lotsagabe begiratzen nion. Eskua sutan ipintzera ausartuko nintzateke edozein gauza pentsatuko zuela nitaz bere etxea miatu zuen guardia zibil mutu hura nintzela baino.

Nik hasitako begirada-jokoa nire kontra bueltatu zen, Eiderrek nire begirada ekiditen zuen bakoitzean ukituta gelditzen bainintzen. Gero eta maizago bortxatzen nituen gure begiek talka egin zezaketen egoerak, berarentzat deseroso izateraino kasik, nik uste. Euskaltegian nahikoa ongi eramaten zuen, klasean hamar bat ginelako, eta Zubi Puntan ere ez zuen bertzelako arazorik, salbu ostatura sartu eta, turista bat edo beste kenduta, ni bezero ezagun bakarra nintzenean.

Pic de Mallacanera egin genuen ateraldia ezberdina izan zen, lau-bortz metro karratuko kanpai-denda konpartitu baikenuen, eta ez zen esfortzu handirik egin behar bere begi politekin talka egiteko. Eta uste dut behin baino gehiagotan harrapatu ninduela begira arropaz aldatzen ari zela, edota lo-zakura sartzen ari zela.

-Badusu rozadura bat hor -esan nion disimulatzeko ipurdira begiratzen harrapatu ninduen batean.

-Bai, zerbait nabaritu dut. Bota hauek nahiko berriak dira eta dirudienez erabilera apur bat falta dute oraindik -erantzun zidan garrantzirik eman gabe. Ni baino deserosoago zegoela zirudien.

Ai ama! Ai Pilareko Ama-birjina! Itoitzeko solidarioen kuleroak zeramatzan eta, Mer de Rêves haranean ikaragarrizko paisaiak egon arren, Eiderren ipurdiaren irudia baino ez nuen ikusi begiak itxi nituenean lo egiteko.

Sentsazio kontrajarriak nituen. Batetik, Eiderrekiko menpekotasuna ari zitzaidalako sortzen eta, bestetik, dena aurreikusi bezala joaten baldin bazen, bilatzen genuen Aitorrengana eramanen ninduelako Eiderrek, eta nire traizioa zela medio, bere betiko gorrotoa baino ez nuen lortuko.

Baina ez zegoen bueltarik, Aitor ehizatuko nuen, kosta ahala kosta. Lehenago edo beranduago denak erortzen diren bezala eroriko zen Aitor, nik denbora luzean egindako lanari esker gainera, eta ziur domina baten bat irabaziko nuela. Erabateko determinazioa neukan, eta seguru nengoen luze gabe eroriko zela, istorio hau idazten ari dena bezala. Bai, Little, bai, han edo hemen, baina beti harrapatzen zaituztegu, Leitzako bigantxa hark harrapatu zintuen bezala.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina