2015(e)ko apirilaren 13(a), astelehena

HOTZAK, bigarren eguna (VII)




VII

Sasoiko nengoen, argi eta garbi. Uste nuen motxilaren pisuak sorbaldak txikituko zizkidala, baina bigarren egun hartan ez nuen ondorio handirik sumatu eta, harrigarria bazen ere, lehenengo egunekoa baino aiseago egin nuen bigarreneko ibilbidea. Luzeagoa izan zen, hori bai, baina desnibel txikiagorekin.

Eguraldia zen gero eta gehiago kezkatzen ninduena. Genituen informazioen kontra, txarrera ari zuen aldatzen, gero eta haize bortitzagoarekin, gero eta elur gehiagorekin, gero eta hotz handiagoarekin. Kanpamentuan komentatu genuenean, giroa lasaitzen ahalegindu nintzen, nire baitan benetako kezka pizten hasia zen arren.

Karlos erortzea ongi egon zen. Horrela, aitzakia horrekin, pioletarekin auto-frenatua praktikatu genuen ondoan zegoen arriskurik gabeko maldatxo batean. Ikastolako parkean haurrak nola, halatsu ibili ginen gu txirrista erraldoi batean bezala. Dibertigarria izan zen, arras.

Nahiz eta musean aritzea gorroto, egokia iruditu zitzaidan partida bat jokatzea egun hartan eta onartu behar dut ongi pasatu nuela. Gero, ez dakit hotzagatik edo zergatik, baina ia automatikoa izan zen: lo-zakura sartu eta txizagura sartu zitzaidan. Pazientzia handiz, arropa geruza guztiak berriz paratu, eta kanpora abiatu nintzen. Badaezpada, pioleta hartu nuen.

Kanpin-dendaren bertze aldean paratu nintzen eta hala ere, Jonek berehala goratu zuen burua ateratzera nindoala. Zer nahi nuen, bada, lau metro koadroko denda batean?

Adi-adi neukan beti Jon, klasean bezala. Saltsero hutsa zen, lotsagabea. Bada ikasle mota bat zeinak bere ahotik esaldi bat aditzeko den-dena kontrolpean eduki behar duena, hondar komaraino. Perfekzionistak deitzen diet nik. Ehuneko ehunean egon behar dute seguru mintza praktikara salto egiteko, hizkuntza bat ikasten delarik, kasik ezinezkoa den zerbait, alegia. Jon, aldiz, saltseroen taldekoa zen, perfekzionisten guztiz kontrakoa. Ia pentsatu gabe hasten zen solasean, indioak bezala (pelikuletakoak erran nahi dut; izan ere, ez dut uste benetako indioek infinitiboan hitz eginen zutenik), edota hiztegiari alimaleko zanpaldia emanez. Behin, adibidez, euskaltegiko goitiko gelara joan ginen bideo baten ikusteko, bada, atea ireki eta aurreko batean leihoa irekita gelditu zenez, euli mordoa zegoen gelan. “Zenbat alu!” bota zuen Jonek alu guztiak eskuarekin uxatzen zituela. Hain lasai.

Ez dakit zein motatako ikasleek ikasten duten lehenago, ikasle perfekzionistek ala saltseroek. Beharbada, bien arteko hibridoa litzateke egokiena, hau da, perfekzionisten gramatika eta saltseroen jarioa dituena.

Hotz ikaragarria egiten zuen eta lo-zakutik ateratzeko nagi-nagi ibili nintzen, are gehiago pixa egiteko ipurdia biluztean. Une batez, hodeiak ireki eta ilargia agertu zitzaidan zeru beltzean dilindan, parez pare, zelatan. Ia betea zegoen, hiruzpalau egunen faltan edo. Elurretan distira eginez, bazter guztiak argitu zituen ilargiak eta une magikoa sortu zen. Liluragarria. Zeharo hipnotizaturik, ilargi-kasik-bete hartan iltzatu nituen begiak. Elurretan zutiturik, ezerezaren erdian, arretaz behatu nuen. Ezagunak egin zitzaizkidan ilargiaren orbanak eta irribarre xume bat marraztu zen nire begiradan. Aitorren begiak ziren. Ez nekien non, baina Aitor hor nonbait zegoela senti nezakeen, ilargi horri berari begira.

-Non hago, maitea? -xuxurlatu nuen nire baitan.

Zaindu! izan zen nire otoitza.

Emeki-emeki, hodeiek ilargia estali zuten. Eta, ipuinetan bezala, otso baten ulua aditu zen iluntasun urrunean. Ba ote dago otsorik Pirinio alde honetan?

Otso baten begien erasoa sentitu nuen istant batez. Sentsazio kontraesankorra zen, erakargarria eta mehatxagarria aldi berean. Ezaguna egin zitzaidan egoera. Batzuetan, sentsazio hori bera izaten nuen Jonek begiratzen zidanean, eta begi misteriotsu haiek irudikatzeak beldurra eman zidan. Oilo larrua paratu zitzaidan eta hotzikara azkar batek inarrosi egin ninduen. Bortizki inarrosi ere.

Karlosek utzitako lo-zakuaren berokira itzulita, berehala uxatu ziren nire beldur hotz guztiak, eta begi mehatxagarri ororen gainetik Aitorren begirada piztua gailendu zen nire pentsamenduetan.

-Non hago, maitea? -errepikatu nuen nire golkorako.

Azkeneko hilabeteak arras gogorrak izanak ziren gu guztiontzat. Jon Anzaren desagerpenak eta geroko agerpen zentzugabeak iheslarien familiarron mamu guztiak iratzarri zituzten, eta mamu haiek gogorki kolpatzen zuten buru barnean.

-Zaindu!

Bero nuen lo-zakuaren barnean, baina hotza sentitzen nuen, maite duzun pertsonaren hutsuneak sortzen duen hotza. Distantziak sortzen duen hotza. Hotz azkarra. Hamaika lo-zakuk ere epeldu ezin duten hotza. Sua bera ere hozten duen hotza. Hotz azkarra…

Hotza.

Aitorren begiak ikusten nituen, bere ahoa, bere ilea. Bere arnasa senti nezakeen, bere eskuak. Konturatu gabe, Beberen kanta batek egin zuen jauzi nire ezpainetarate echo de menos, le digo al aire, te busco, te pienso, te siento y siento que como tú no habrá nadie. Y aquí te espero con mi cajita de la vida, cansada, a oscuras, con miedo y este frio nadie me lo quita. Tengo razones para buscarte, tengo necesidad de verte, de oírte, de hablarte… tengo razones, razones de sobra para pedirle al viento que vuelvas aunque sea como una sombra…

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina