2017(e)ko martxoa 11, larunbata

HOTZAK, hilabete batzuk geroago (XXVII)


XXVII

Gertatutako guztia ezin sinetsiz zaude. Gehiegi da. Gustura zeunden, sobera buruhausterik gabe. Egunero sabela betetzea zen akaso zure kezka, kezkaren bat edukitzekotan. Inori enbarazu egin gabe, xume, horretan ari zinen, gustura. Bat-batean, alimaleko eskua amildu zen zure gainera, eta atzamar erraldoia zure bila hasi zen. Birritan pentsatu gabe, ihesean atera zinen. Mundua galtzerdi zikin handi bat da, eta zu galtzerdi horretan bizi den kukuso bat zara. Kukuso bat baino ez.

Gehiegi da. Gertatutako guztia ezin sinetsiz zaude. Urrats batzuk eman eta itsasoan sartzen dituzu oinak, harea fin eta beroaren hondartza freskatzen duen itsaso epelean. Zerumugan iltzatu dituzu begiak, pentsakor.
Gehiegi da. Erotzeko modukoa.
Burua berriz apaldu eta eskuetan dituzun argazkiak errepasatzeari ekin diozu, harri eta zur. Pic de Mallacaneko ateraldiaren argazkiak dira, Mer de Rêves haranekoak. Jon identifikatzen ahalegintzen zara, baina gezurra dirudien arren, aurpegia ez zaio ezta argazki bakar batean ere ikusten. Batean erdi jiraturik ageri da, bertzean lurrera begira, bertze batean besoarekin estaltzen du mugimendu inuzentean, bertze batean bizkarrez… Horrela argazki guzti-guztietan. Urde kabroia pentsatzen duzu.
Begiak itxi eta Arnedilloko ilunabar hura gogoratzen saiatzen zara. Deus ez, ez duzu Joni aurpegirik paratzea lortzen. Zenbat jendek galdetu dit ordua bizitza osoan? galdetzen diozu zure buruari. Ezin zara guztiez oroitu, ezinezkoa da.
Torturatzaileari aurpegia paratu nahian zure bila etorri zirenekoaz akordatzen zara, eta Eider irudikatzen duzu etxean, zure Eider, zure etxean, aurpegirik ez duen horrekin eta horrelako bertze hainbertze basapiztiaz inguraturik. Etxea hankaz gora irudikatzen duzu, baita Eider izularritu bat ere.
Momentuan zure etxean gertatzen ari zenaz ez zinen enteratu, baina irratiak hurrengo goizean kontatu zizun. Etxea armaz profanaturik imajinatzean, amorrua sentitu zenuen, beldurra, ezintasuna, ikara… Irratia piztu ez izana desiratu zenuen.
Ondoren, ohikoa bihurtu den zirkua etorri zen eta, ohartu orduko, terrorista bilatuenen zerrenda gizendu zuen zure argazkiak. Kukuso zozo bat izatetik terrorista zinez arriskutsua izatera pasatu zinen gauetik egunera, eta telebista eta periodiko gehienetan agertu zinen, alai, irribarretsu, argazkiko zu hori egoeraren larritasunaz jabetuko ez bailitzan.
Gero kontatu zizuten zure inguruko baten bat harritu egin zela Diario de Noticiasek Diario de Navarrak bezala jokatu zuelako, torturatzaileen labe makabroan egositako pastelari kosk eginez, baina zu ez zinen batere harritu. Erdiz-en egin nahi zuten harrobiaz edota herri mugimenduaren kontrako jarrera oldarkorraz akordatu zinen, eta periodiko horrek horrelako rolak jokatu dituela beti pentsatu zenuen, nahiz eta irudi euskaltzaleagoa duen.
Nonbait irakurri duzu ETA erakundeak Espainiako gobernuarekin Oslon zein Genevan sinatu akordioak prentsara filtratzea erabaki omen zuela, gobernuak ez zituelako betetzen, eta Diario de Noticiasen bitartez egitea pentsatu zuela. Notizia argitaratu baino lehen, hiru bide ezberdinetatik ahalegindu zen periodikoa informazioa kontrastatzen: PNVri galdetuz, Batasunako kideren batekin solastatuz eta Madrilgo gobernuarekin hari zuzena omen zeukan El Pais egunkariko kazetari batekin egonez.
Zu ez-dakit-zein komandotako kide zinela baita ez-dakit-non eta ez-dakit-norekin zeundela ere argitaratzeko non ostia kontrastatu ote zuten galdetzen diozu zure buruari. Inon ez erantzuten diozu zure buruari, kazetari-polizia edo polizia-kazetari batek kuartelean erredaktatu eta bero-beroa zetorren informazioa horrela argitaratu, ez dute bertzerik egin.
Gaitz erdi pentsatu zenuen, zure inguruko horrek (edo horiek) argiago ikusiko zuelako dena beharbada, hots, Diario de Navarra otsoa dela eta Diario de Noticias… ere bai, hanka irinean sartuta bada ere.
Gero ospa egitearen erabakia etorri zen, zinez zailak diren erabaki horietakoa. Eider, familia, lagunak… den-dena gibelean utzi eta abiatu, Erratzura noiz itzuliko zaren galderaren itzal mehatxaria buruan jira-biraka. Ahopeka, ohartu gabe, Sarriren olerkia errepikatzeari ekin zenion, tai gabe, xuxurlan, nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak, nekez uzten du lurra zuhaitzak ez bada abaildu eta oholetan. Ez du niniak begia uzten ez bada erori edo arrubioen mokoetan. Nekez uzten du gesalak itsasoa, ez harea harriak basamortua. Ez du liliak udaberria uzten, ez elurrak zuritasuna. Bere sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak.
Pic de Mallacaneko argazkiak ikusten dituzu berriro, Jon madarikatuari erreparatu gabe oraingoan. Eider, Haibol, Karmelo… hor daude hirurak, zein baino zein hoztuago. Pozik dirudite, hala ere. Malko bat joan zaizu ihesi aurpegian beheiti, eta Fideli berriki entzundako Martí-ren esaldi batek indarra ematen dizu, un principio justo desde el fondo de una cueva puede más que un ejército, eta irri ttiki bat marraztu da zure aurpegian, malkoari bidea moztuz.
Gibeletik norbait hurbiltzen zaizu.
-Aitor, nik garagardo bat eskatu behar diat, eta hik?
Zalantza egiten duzu segundo batez.
-Nik mojito.
Begiekin segitzen diezu Eiderren urratsei barraraino.
Argazkiak eskuetan, oinak ur epeletan sarturik, bortizki kolpatzen zaitu eguzki gupidagabeak. Mojito gehiegi edan zenuen atzo La bodeguita del medio-n, hala ere, bertze bat eskatu duzu. ZP etortzen zaizu gogora, Zubi Punta ostatua, alegia, Baztango bodeguita del medio izan litekeena, eta hango mojito bestaz gogoratzen zara, Joxe Ripiau jotzen hasi eta agertokia beheiti etorri zenekoa.
Habanako bodeguita ospetsua egin zen Ernest Hemingway bertan mozkortzen zelako, mojitoz asetzen zelako, baina ez da hainbertzerako pentsatu zenuen ikusi zenuenean. Zubi Puntak ere badauka bere glamourra. Hemingway eta guzti zegoela gogoratzen duzu irribarretxo batekin, horrela deitzen baitzioten Patzikuri bestetan jotzera etortzen ziren Bizkargain fanfarrekoek. Hortik aparte, bazegoen glamur gehiago, eta maiz etortzen zen Mikel Laboaz oroitzean tristatu egiten zara berriro. Berri txar hura ere irratiak eman zizun, eta pintorearena, eta… Bat-batean, ez duzula irratia gehiago piztuko zin egiten diozu zure buruari, ez etxera itzuli artio bederen, ez La bodeguita del puente-ra itzuli artio.
“Hoy quiero estar cerca de la casa y el árbol” kantatzen zuen Silvio Rodriguezek bere nerabe denborak herriminez gogoraturik, eta zuk ere gauza bera eskatzen diozu zure oinak bustitzen dituen itsaso epelari. Etxe, zuhaitz, baso eta mendi haiek gogoratzean, gauero zure urruntasuna laburtzeko entzuten duzun Zubi Puntako disko mitikoa etortzen zaizu ezpainetara, eta xuxurlatzen hasten zara…

Yo soy de un pueblo pequeño, pequeño como un gorrión
con medio siglo de sueños, de vergüenza y de valor.
Yo soy de un pueblo sencillo, como la palabra Juan
como el amor que te entrego, como el amor que me dan

Yo soy de un pueblo nacido entre fusil y cantar
que de tanto haber sufrido tiene mucho que enseñar.
Hermano de tantos pueblos que han querido separar
porque saben que aun pequeños, juntos somos un volcán.

Yo soy de un pueblo que es poeta y sus versos escribió
en los muros y en las puertas con sangre, rabia y amor
Yo soy de un pueblo orgulloso, con mil batallas perdidas
soy de un pueblo victorioso que aun le duelen las heridas

Yo soy de un pueblo reciente, pero antiguo su dolor
analfabeta mi gente, medio siglo en rebelión
Yo soy el pueblo que un niño en Niquinohomo soñó
Soy del pueblo de Sandino y Benjamín Zeledón
Yo soy de un pueblo sencillo, fraterno y amigo que siembra y defiende…
su revolución...

Herria… Etxea… Sustraiak… Begiak ixten dituzu malkoak kontu nahian, etxetik banatzen zaituen itsasoa gehiago ez betetzeko, baina alferrik da. Malkoek irrist egiten dute eta zure minak are gaziagoa bilakatzen du itsasoa. Dirudienez, luze joanen da afera, baina ez duzula etsiko erraten diozu zure buruari behin eta berriz. Egunen batean, denbora tarte honetan amestutako guztia gauzatuko duzula seguru zaude, horrela sentitzen duzu, horrela pentsatu nahi duzu, eta horrek ematen dizu behar duzun indar guztia aitzinera egiteko. “Etsipena eta ezkortasuna luxuak dira guretzat, eta ez dagozkigu guri” idatzi zion Jokin Gorostidik Itziar Aizpururi hainbat espetxetan giltzapeturik zeudela eta Jokini bi heriotza zigor ezarri zizkiotela. Leku guztietan bilatzen duzu behar duzun indarra, eta ez dugu etsiko pentsatzen duzu berriz zure baitan, inolaz ere.

Pentsakor gelditzen zara olatuen joan-etorriari behatuz. Herriminak azkar jotzen zaitu eta sustraiak han dituzula seguru zaude. Erratzu, Baztan, Euskal Herria… Eider, Haibol, Karmelo… Ez duzu zure burua bertze inon irudikatzen, sustraiak han dituzu, eta seguru zaude. Hala ere, zaila da zalantza eta kezkei izkin egitea, eta zer-nolako etorkizuna duzun zain galdetzen diozu zure buruari. Espetxean, egutegiari irabazitako egun bakoitzak askatasunera hurbiltzen zaitu, etxera hurbildu ere. Ihesean, askatasunean, egutegiari irabazitako egun bakoitza sasi-garaipena baino ez da, urrundu egiten zaituelako etxetik nolabait. Zenbat eta egun gehiago askatasunean orduan eta urrunago zaude etxetik.

Gauean, ilargiari begiratuko diozu, ihes egin zenuenetik gauero egin duzun bezala, eta ozeanoaren bertze aldean daudenen goraintziak, besarkadak eta muxuak sentituko dituzu, ilargi hori bera baita beraiek ikusten dutena. Eta horrela beharko du izan etxera itzuli bitartean.
Etxea. Herria.
Zure burua etxean eta herrian irudikatzeak gorputza aldez alde zeharkatzen zaituen hotzikara eragiten dizu.
Bat-batean, hotzak zaude. Hotz.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina