2017(e)ko martxoa 4, larunbata

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXVI)


XXVI

-Hi Haibol, besarkatu behar haut, ados? -erran zidan Eiderrek.
-Ados -erantzun nion.
Egia errateko, alimaleko hotza egiten zuen, eta haizea ufaka ari zen eten gabe. Bikotea (edo anai-arrebak zehazkiago) bagina bezala besarkaturik ahalegindu ginen lo hartzen Eider eta biok.

Jada ez nekien zenbat egun generaman mendian, arropa berarekin, dutxatu gabe, tarteka izerdi patsetan hotza egin arren, eta hala ere, Eiderren ileak usain goxoa zeukan. Edo hala iruditu zitzaidan, bederen. Mendi haietatik ateratzean eginen nituen lehenengo gauzak erabiltzen zuen xanpuaz galdetu eta horren bote bat erostea izanen zirela pentsatu nuen. Orain, hotzean eta denboran urrun ikusita, burutazio apur bat absurdua iruditzen zait, baina tira, egun haietan gertatu zen ia guztiak izan zuen absurdutik pixka bat.
Haizeak amildu eta motxilak nahiz materiala galdu genuelarik, abiatzea erabaki genuen, egoerak hala bortxaturik. Glaziarra zeharkatzean, berehala ohartu ginen egunak aitzina egin ahala, elur-jauziak arazo handia bilakatuko zirela, eta hala izan zen.
Lehenbiziko elur-jauzi txiki batek Jon harrapatu zuen. Deus ez, abisu txiki bat izan zen, bertzerik gabe. Bigarren elur-jauzia izan zen arazoa. Zeharkatzen ari ginen magala beherantz irristatuz hasi zen eta, konturatu orduko, lurrean geunden laurok. Elur-jauziak Jon eta Karmelo harrapatu zituen bete-betean, hau da, sokadaren erdialdea. Eider, azkena zihoala, erdizka harrapatu zuen, osorik elurrez estaltzera ailegatu gabe. Ni, sokadan lehena, erabat libratu nintzen. Hori bai, elkar lotuta gindoazenez, metro bakan batzuk egin nituen beheiti lurretik iraulita elur-jauziak soka-kideak herrestan eramaten zituen bizkitartean.
Logikoa denez, bertze soka-kideak bilatzea izan zen nire lehenbiziko erreakzioa, nahiz eta urduri samar nengoen. Berehala ikusi nuen Eiderrek ez zuela laguntzaren beharrik, eta ongi zegoela ematen zuen. Gainera, sokadaren azkena zen, ni lehena, beraz, nahikoa urrun neukan. Jonen eta Karmeloren arrastorik ez zegoen, ordea. Elur-jauzien kontrako motxila berriaz gogoratu nintzen.
-Urde pijoa! -errana zidan behin Karmelok ostatuan komentatu niolarik airbag sistema modukoa zela motxila haiena, elur-jauzia gainera etortzen zaizunean eragiten badiozu elur-jauziaren gaineko aldean mantentzen zaituela, eta kasuen ehuneko laurogeita hamazortzian funtzionatzen omen zuela. Beharbada ez zela ideia txarra errana nion, prezioak begiratzea bederen. Karmelo nitaz trufatu zen.
Tira, ez zegoen bueltarik, han ginen, elur-jauzi baten erdian eta horrelako motxilarik gabe. Beraz, Jon eta Karmelo bilatzeari ekin nion denbora gehiago galdu gabe. Nire arnesetik ateratzen zen soka gidatzat hartu nuen, eta Jon egon zitekeen aldera ailegatu nintzen. Eskuan bildurik nituen sokaren metroak kontuan hartuta, hortxe bertan egon behar zuela iruditu zitzaidan, eta pioletaren laguntzarekin hasieran eta eskuekin gero, elurretan zulatzeari ekin nion.
Jon aurkitu nuelarik, lokarturik bezala zegoen, baina kontziente eta begiak irekita. Gorputz atalak ez zituen mugitzen. Ez naiz oroitzen zer erraten nion zehazki, baina lasaitzeko zer edo zer izanen zen, edo animoak… horrelako zerbait. Besoetatik heldu eta ahaleginak eta bi egin nituen elur azpitik ateratzeko. Horretan ari nintzela, arropa zenbait galdu zuen, eta kanporago zegoenean, hobeto heldu nion, besoen azpitik. Soinetik hartu eta goazen! egin nuen oihu hortz artean, indarka. Orduan, kamiseta goititu nion nahi gabe, eta pipa ikusi nion. Flipaturik geratu nintzen, nire begiek ikusten zutena ezin sinetsiz. Segundo pare bat geroago, Jon inmobilizatu nahian ikusi nuen nire burua, lepotik harturik. Ez dakit zertaz egin nuen hori, ezta zer zen egin nahi nuena ere zehazki, baina senak horrela jokatzera bulkatu ninduen. Zerbaitek erraten zidan zer edo zer egin behar nuela, eta kosta ahala kosta atxiki behar nuela Jon, ihes egin ez zezan.
Borrokan hasi ginen.
Bera ni baino indartsuagoa zen, eta bistan denez, entrenaturik zegoen horrelako gorputz-enfrentamenduetan. Hala eta ere, nahiko larri ikusi zuen bere burua, eta horrelakoetan maiz gertatu bezala, errazena egin zuen: Pipa atera eta, birritan pentsatu gabe, tiro egin zidan.
Elurretara erori nintzelarik, ospa egiten zuela ikusi nuen. Lehenengo momentu hartan bala-zauriak baino min gehiago eman zidan Jon urruntzen ikusteak, eta amorrua sentitu nuen.
Ezker hankako izterrean nuen zauria eta berehala hasi zitzaidan odola ateratzen, zorrotadaka. Jonen ihesaldiaz zeharo atzendu eta ikara sentitu nuen, sentitu nuenez. Gorriz tindatutako eremu zuri hartatik ez nintzela aterako pentsatu nuen, ez nuela ezta Eiderri xanpuaren izena galdetzeko aukerarik ere izanen, bizitzaren ironia bailitzan. Are gutxiago xanpua erosi eta erabiltzeko aukerarik, doike. Hiltzen ari nintzen eta bazirudien nire kezkarik handiena zela nire ileak ez zuela sekula izanen Eiderren ilearen usain goxoa.
Jon madarikatua, Jon madarikatua errepikatzen nuen nire baitan behin eta berriz izterreko zauria presionatzen nuen bizkitartean.
-Holakoetan hori egin behar da? -galdetu zidan Eiderrek harritu ninduen lasaitasunaz.
-Ez zekinat, pelikuletan hala egiten diten, ez?
Eta funtzionatu zuen nonbait, gero eta odol gutxiago ateratzen baitzen. Arropa eta oihal batzuekin zauriaren odol jarioa guti goiti-beheiti kontrolatu genuelarik, gure egoeraren gainean hausnartu genuen.
Mundua gainera erori zitzaigun.
Ez genekien zehatz-mehatz non geunden, leku guztietatik urrun samar seguru aski eta ni, egoera horretan egonik, ez nengoen ibilbide luzetarako.
-Nirea motxilarekin batera galdu dun -erantzun nion Eiderri larrialdi zerbitzuetara deitu behar genuela proposatu zuelarik.
-Nik badaukat -erran zuen Karmelok elurretan belauniko bere motxila barneko gauzak nahasten zituela. Bere telefono mugikorra atera zuen-. Kaka zaharra, ez dago estaldurarik!
-Ez dik inporta, larrialdietakoak satelite bidezko deiak dituk.
Nahiz eta asotsak aditzen ziren, nahiz eta ahul entzuten zen, nahiz eta frantsesez ez jakin, eta nahiz eta deia tarteka mozten zen, larrialdietakoek errandakoa ulertu egin genuen guti goiti-beheiti, edo horrela uste izan genuen. Eguraldi petrala zela medio, helikopteroa ezin zen nire GPSak markatzen zituen koordenadetaraino hurbildu, eta elurraren egoera zein distantzia ikusirik, nekez ailegatuko zen erreskate taldea guregana, ez hamabi bat ordu baino lehenago, bederen. Beraz, Chemins sans Fin parajeraino ahal ginen moduan jaistea proposatu ziguten, Prexinar mendiaren magalean, eta arratsalde horretarako iragarpenek erraten zuten bezala, eguraldiak apur bat hobera egiten bazuen, helikopteroa haraino hurbilduko zen.
Baietz erantzun genien, jakina, ez baikenuen bertze aukera hoberik. Baldintza haietan ezin genuen deus ziurtatu, eta gerta zitekeen helikopteroa gu baino lehenago ailegatzea hitzartutako tokira. Horrelakorik gertatuz gero, inguruetan bilatzeko erran genien.
Ea ze zauri mota zen eta istripuaren arrazoia galdetu zigutenean, izterrean iltzatutako pioleta erran genien, komunikazio arazo haiekin bertsiorik errazena iruditu zitzaigulako. Zalantzarik gabe, bertaratutakoan berehala konturatuko ziren gezurra zela, baina aurrerago dena argitzeko denbora izanen zela pentsatu genuen.
Helikopteroarekin hitzartutako lekurantz abiatu ginen.
Eider soka-buru paratu zen, bidea irekitzen. Bere gibelean, Karmelok nirekin kargatu zuen, ibiltzen laguntzeko, eta aurrera egiten hasi ginen. Hasieran, Jonen aztarnetatik joan ginen, baina gero, helikopteroa ailegatuko zen Chemins sans Finera joateko, desbideratu behar genuela agindu zion Karmelok Eiderri.
-Aupa hi, Karmelito -erran nion sorbaldatik harturik ninderamala-. Badakik non den lekua?
-Zehatz-mehatz ez, baina tira, Prexinar mendiaren magalean bada, imajina zezakeat guti goiti-beheiti. Eta hi isil hadi, haraino ailegatzeko hire indar guzti-guztiak beharko dituk eta.
Elur-jauziek han-hemenka jarraitu zuten, eten gabe, baina zaurituak errespetatuz, gerretan bezala.
Pauso bakoitzean ziztada mingarri bat sentitzen nuen, eta mina areagotuz zihoan uneoro. Energia edo indarra galdu ahala, min eta hotz gehiago neukan. Arras ahul sumatzen nuen nire burua, eta behin edo bitan zorabiatzekotan egon nintzen. Karmelok sekulako lana egin zuen; batetik, nondik joan behar genuen erraten baitzion Eiderri eta, bertzetik, gero eta zama astunagoa nintzen, ni zutik mantendu eta ibiltzen laguntzeaz gain, esna ere mantentzen ninduelako.
Hotza, muturreko hotza. Mina eta hotza, muturrekoa. Nekea, mina eta muturreko hotza, ez dut gehiago gogoratzen, eta hurrengo oroitzapena ospitalekoa da, zuzenean. Ez helikopterorik, ez ezer. Begiak ireki eta Eider eta Karmelo ikusi nituen, begi bustiekin. Zabalduz zihoakien irri hunkigarri batez agurtu zuten nire iratzartzea.
-Biba hi,  Haibol! -erran zuten biek batera. Gero, Karmelok jarraitu zuen hitz egiten- Zakurrak egon dituk, guri dagoeneko galdeketa txiki bat egin zigutek, eta orain hirekin egon nahi ditek.
Ederki pentsatu  nuen, segaren andereñoaren besoetatik itzuli eta eginen dudan lehenengo gauza zakur frantsesekin solastatzea izanen duk. Ederki.
-Tira bada, zenbat eta lehenago hasi, orduan eta lehenago akituko diagu.
Ze hipokritak erran nuen nire baitan zakurrek bere lana bukatu zutelarik, zer gertatu den eta Jon benetan nor ote den jakin nahi badute, aski ditek Madrilen galdetzea, eta ez niri. Jendarmeak joan zirelarik, Eider eta Karmelo sartu ziren berriro nire gelara, eta Eiderrek berri txarra eman zidan:
-Furgoneta falta duk.
-Zer?
-Hire furgoneta, falta dela.
-Bateko Urrea? Urde kabroia!
Giltza hobe ezkutatu behar nuela pentsatu nuelarik, ez nuen pentsatu nire soka-kideengandik ere ezkutatu behar nuenik. Jon madarikatua erran nuen berriro ere. Hasieran, Erratzun agertu zelarik, memelo itxura hartua nion, eta gorputz gihartsuaren gibelean zozo bat zegoela iruditu zitzaidan. Bistan zegoen ezetz. A ze intuizioa nirea! Zubi Puntako zerbitzariak euskaraz erraniko prezioa ulertzen ez zuelako beti billete handiekin ordaintzen zuen alproja horren gibelean putakume bat zegoen, bai horixe, putakume galanta.
-Sokadako kide bat falta genuela erran behar izan genien larrialdikoei; horrela, bilatu eta identifikatuko zuten -bururatu zitzaion Karmelori.
-Bai, konspirazio handietarako geunden goiti horretan -erantzun zion Eiderrek-. Ez dizut gogoratu beharko Haibol gaizoa odolusten ari zitzaigula, ez? Gainera, zer uste duzu, jendarmeek ez zutela babestuko?
-Tira, jada ez dago bueltarik.
Egin beharreko hurrengo gauza Erratzura deitzea izan behar zuela erabaki genuen, eta horra hor hondar ezustea.
-Zubi Puntan diote Erratzu pikoletoz betea dagoela.
-Naski Jonek gertatutakoaz ohartarazi ziok Guardia Zibilari eta… bera babestu nahi ditek.
-Edo bere pisua husten hasi, auskalo.
-Nire Bateko Urre gaizoa zakur baten eskuetan eta Erratzu pikoletoz betea, ederki gaudek.
-Bueno hi, dena ez duk txarra izan behar, zerbitzariak telefonoa hartu duelarik, arras ahots alaiaz erantzun dik; beraz, seguru nagok Realak irabazi egin duela.
-Gaitz erdi.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina