2017(e)ko apirila 28, ostirala

Aroztegiako komantxeak


Duela urte bat, “Aroztegia eta gero, zer?” plataformak deitu zuen manifestazioaren harira, parodia txiki bat egin genuen. Ongi pasatzeaz gain, plataformaren deialdia hedatu genuen lau haizetara, izan ere, milaka ikustaldi izan zituen bideoak egun guti batzuetan.
Orain, gerra danborrak gero eta ozenago aditzen direla, Aroztegiako komantxeen testua ekarri nahi izan dut gogora.
Borrokak ez du etenik, Aroztegia gelditu!



“Amalurrak mendi eta baso hauek guziak sortu zituen, eta errekek bailarak eta arroilak zizelkatu zituzten. Gure arbasoek, Ilargi beltzaren ondorengoek, gaur ezagutzen dugun paisai bilakatu zuten naturarekiko orekan bizi nahian, naturarekin eta naturatik bizi ahal izateko.
Haizea, eguzkia, hodeiak. Ura, lurra, elurra. Amalurrak eskuara eman zigun gure begiek ikusten zutena ulertzeko eta gure eskuek ukitzen zutena sentitzeko.
Amalurrak dena sortu zigun, eman, utzi. Dena zor diogu Amalurrari. Errespetua!
Orain baina, Ile-Engominatu-Jauna-Handiak erreserba bat eraiki nahi du Aroztegiako bazter emankor hauetan. Erreserba bat aurpegi zurbilendako, erreserba bat Amalurraren arnasa eta solasa porlanez itotzeko.
Guk, Aroztegiako komantxeok, aski dela oihukatu nahi dugu irrintzika lau haizetara, eta tribu guzien batasuna aldarrikatu nahi dugu Amalurraren defentsan.
Xiberuko Txirikahuak, Trebiñoko navajoak, Bilboko txeyeneak, Bardeetako mohikanoak, kostaldeko irokesak, Sakanako apatxeak, Baionako paiuteak, Piriniotako txerokiak, Durangoko siuxak, Urbinako arapahoeak, Hernaniko kiowak… Euskal Herriko tribu guziak! Batu gaitezen Amalurraren defentsan!
Euskal Herria ez da salgai! Amalurra defenda dezagun!”




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina